Txikitik handira

Urtea pasa da energia komunitateen inguruko lehenengo bilera egin zenetik herrian. Interesa piztu zuen Elgetako Udalak bultzatutako parte-hartze prozesuak eta hainbat izan ginen bertaratutako herritarrak, gehienok horrek zer esan nahi zuen jakin gabe segur aski. Horrelakoetan gertatzen den moduan, bilerak pasa ahala eta konpromiso maila igotzen zihoan neurrian, gerturatzen ginen pertsona kopurua jaisten joan zen. Ez da erraza, egunerakoaren gurpil zoroan lehentasunak zehaztu eta ekimen berri baterako denbora hartzea. Baina, zorionez, dozena bat laguneko lantalde batek ilusioz heldu genion erronkari eta ekimenak aurrera darrai. Mundu mailako erronka batean aurrean gaudenaren jakitun, gure txikitasunean ekin diogu gure partea egiteari.

Dozena bat inguru lagun, hori zer da? Asko? Gutxi? 1096 biztanle (Eustat, 2023-01-01) dituen herri batean, eragiteko gaitasuna izan dezakeen kopuru bat dela esango nuke. Beti ere, indarrak ongi artikulatzeko gaitasuna erakusten badute. Hau da herri txikietan aurkitzen dugun abantaila nagusienetako bat, gauzak ongi eginez gero, indar horiek artikulatu eta herri mailako komunitate bat sortzea, herri handietan baino errazagoa dela. 

Komunitatea egitea, hori izango da gure helburu nagusienetako bat. Herritarren artean sareak sortu, indarrak batu eta ditugun arazoei irtenbide komunitarioak ematea. Ez dira erronka txikiak gurea bezalako herri txikietan ditugunak, ikusi besterik ez dago Elgetan propanoarekin daukagun menpekotasuna. Banatzaile handiei ez zaie interesatzen bezero gutxi batzuk irabazteko, gas naturaleko sarera lotzerik gure herria eta ondorioz, prezio altuak ordaintzera behartuta gaude. 

Horrelako egoeren aurrean, modu komunitarioan antolatutako sarea izan behar da denontzako irtenbideak bilatu behar dituena eta hor eragiteko bokazioz jaio zen Ixotzen, Elgetako Energia Berriztagarrien Komunitatea. Herritarrei formakuntza eskaintzeko, tokiko energia berriztagarriak sortu eta autokontsumoan kontsumitzeko proiektuak martxan jartzeko eta herritarrak gai honen inguruan kontzientziatzeko sortutako komunitatea izango da. Argi daukagu, herri txikietan, herritarrok ez badugu egiten, ez dela inor etorriko egitera.

Mundu mailako erronka handien aurrean, bi dira aukerak: ezinezko ideian murgildu eta alde batera utzi; edo bakoitzak bere aletxoa jarriz, egoera aldatzen saiatzea. Guk bigarrenaren aldeko hautua egin dugu: gure txikitasunetik, gure errealitatetik, etorkizun hobe eta justuago baten aldeko aletxoa jartzea.