Energia komunitateak eta Herri kooperatibak
Egitura bakarra eta hamaika erronka
Energia komunitateen sustapenean burubelarri gabiltza Euskal Herriko txoko desberdinetan hainbat eragile. Herri, auzo eta eskualde mailako egituraketak bultzatzen dira energia sortu eta deshazkundeko ekintzak eta jarduera ekonomikoak aurrera eramateko. Energia burujabetza eta murrizketa ipar dituzten ekimenek komunitate berean saretzen dituzte xedea lortu ahal izateko hainbat interes talde: pertsona erabiltzaileak (herritarrak), pertsona juridiko erabiltzaileak (herri eragileak eta enpresak), bazkide laguntzaileak izan daitezkeen pertsona fisiko, juridiko eta herri administrazioak. Izaera komunitario eta herritarra dute, ondorioz herri onura dute helburu.
Beraz, komunitate baten baitan antolatu eta herri erronka bati aurre egitea da xede nagusia. Baina energiarako ez ezik bestelako erronkak elkarrekin abordatzeko batuko bagina? Hori dago Herri kooperatibaren ideiaren oinarrian. Egitura bakarretik herri erronkak diren hainbat konturi erantzun bateratua ematea.
Herri kooperatibak definitzerako orduan hau diogu:
“Herriko eragile sozioekonomikoak eta herritarrak biltzeko topagunea eskaintzen du, interes orokorreko erronkak elkarrekin asetzeko”
Eta era berean,
“Udalarekin edo administrazio publikoarekin batera herrian gobernantza berri bat bideratzeko aukera eskaintzen du. Herriaren ekimnetik abiatuta, herriaren eta herritarren onura publikoa erdiesteko helburua du”.
Elgetako Ixotzen energia komunitate kooperatiboaren estatutuetan honela jaso dute xedean herri kooperatiba izaera bermatzeko jarduera:
“Herritarren premia soziokulturalak eta ekonomikoak aseko dituen tokiko garapen burujabe baterantz joateko, ekintzailetza sozial eta kooperatiborako programen eta kooperatiba komunitarioen sustapen aktiboa, pertsona guztientzat irisgarria dena garatzea”.
Energia premiak asetzetik haratago baliagarri izango da aurrerantzean Ixotzen-en komunitate antolatua herriko beste beharrizan ekonomiko edo sozialak asetzeko. Kasu honetan energiaren erronkari heldu diote. Bakaikun berriz, elikadura burujabetzari lehentasunez heldu diote bi urteko ibilbidea duen Bakaikuarrok herri kooperatibatik.
Herri Kooperatiben ideiaren garapena KoopFabrika ekintzailetza sozial kooperatiboa izeneko proiektuaren baitan ondu da. Eta berriki Olatukoop-eko webgunean gida bat argitaratu da. Gehiago jakin nahi izanez gero klik egin loturatan eta irakurri argitalpenak eta ezagutu Euskal Herrian martxan diren herri kooperatibak.