Energia Berriztagarrien Komunitateak Debagoienan 2026

Debagoienako herritarrek azken hiru urteetan egindako lanaren emaitzak agerian geratzen hasi dira. Izan ere, dagoeneko bost energia berriztagarri komunitate (EBK) eratu dira: Ixotzen Elgetan, Berener Bergaran, Leintzeko Ekiola Leintz bailaran, Esnargi Eskoriatzan (Leintz-Gatzagan proiektua elkarrekin aztertzen dabiltza ) eta, azkena sortzen, Oneko Oñatin. EBK guztien instalazioak kontutan hartuta, 2026 urte amaierarako 1.650 kW-eko potentzia fotovoltaiko berriztagarria gehitzea aurreikusten da. Honek suposatzen du eskualdeko instalazio fotovoltaikoak hirukoiztea (736kW 2023 urtean)

Proiektu hauek aurrera eramateko ahalegin eta inbertsio handiak behar izan dira. Guztira 2,2 milioi euroko finantzaketa bideratu da, gehienbat Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak instalazioen kostuak estaltzeko emandako laguntzei esker.

Eskualdeko EBK-k funtsezko babesa jaso dute tokiko eragileen aldetik. Batetik, udalekin sinatutako hitzarmenei esker, teilatuen eta lurren lagapenak lortu dira; bestetik, Fagor taldeak EBK bakoitzari egindako diru-ekarpenak jarduera martxan jartzen lagundu du. 

Energia komunitateen garapena azkartzeko asmoz, Espainiako Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía (IDAE) erakundetik 160.000€tik gorako diru-laguntza lortu zen 2023-2025 bitartean, Energiaren Puntua OTC bulegoaren bitartez. Finantzaketa honi esker, komunitate hauen egunerokoan beharrezkoak diren hainbat atal jorratu dira, hala nola azterketa teknikoak, txosten juridikoak, formazioak, eredu ekonomikoa eta herri onurako izendapena, besteak beste.

Gaur egun, eskualdeko bost energia-komunitateek 612 familia bazkide biltzen dituzte jada. Kopuru horrek gora egingo duela aurreikusten da urtea amaitu baino lehen; izan ere, Oñatin eta Leintz Gatzagan proiektu hauetara batzeko aukera berriak zabalduko baitira herritarrentzat.

Trantsizio energetikoan sakontzeko borondateari helduz, EBK-ek etorkizuneko erronkei begira jarri dute arreta. Horretarako, sorkuntza-azpiegiturak zabaltzeaz gain, esparru berrietan eragiteko aukerak aztertzen ari dira, mugikortasun jasangarriaren eremua lanketa horren adibide garbia.