Zergatik sartu naiz herritar moduan nire herriko energia komunitatean?
Elorrioko ARGIÑOLA kooperatiba sustatzeko nire lehen arrazoia ingurumenarekin lotzen da. Bistakoa da, gero eta gehiago, planeta suntsitzen ari garela eta horren kulpante nagusia dela energiarekin dugun jarrera. Mugarik ez balego bezala kontsumitzen dugu energia, nahiz jakin erregai fosilak agortzen ari direla; eta kalterik egingo ez balute bezala erabiltzen ditugu erregai kutsagarriak, nahiz klima larritasuna egunero den albiste eta pandemiak erakutsi digun planeta berpiztu egiten dela guk birrintzen ez dugunean.
Behin herrian prozesua hasi zenean, erakarri ninduen talde sustatzailearen orekak: partaideen artean bazeuden gazteak eta helduak, generoan paretsu; bazeuden herriko alderdi nagusien ordezkariak, profil teknikoak bezala komunitarioak, jarrera ausartak eta zuhurrak… Adimen kolektiboan sinesten dut, eta hau indartsuen agertzen da pertsona desberdinez osatzen diren talde orekatuetan.
Eta, dudarik gabe, nire militantzia honen oinarrian badago ikuspegi ideologiko argi bat. Munduan boterea eta aberastasuna kontzentratzen ari dira kontrol demokratikorik gabeko egituretan, eta herritarrok gero eta ahulago gaude interes-talde erraldoi horien aurrean. Daukagun defentsa bakarra da auto-eraketa, komunitateak antolatzea hurbiltasunaren eta autokontsumoaren logikan, ahal dugun neurrian menpekotasunari uko egin eta esparru burujabeak eraikitzeko.
Energia komunitateak logika horren parte dira, elikaduran, basogintzan, ekonomia sozialean edota zaintzan sortzen ari diren ekimenak bezala. Eta hau dena oso bateragarria da dinamika sozial eraldatzaileekin: feminismoa, kohesio soziala, hizkuntza gutxituen eta gutxiengoen eskubideen defentsa…
Planeta zaindu eta nire komunitatea norabide horretan bizitu nahi dudalako sartu naiz Elorrioko Argiñolan.