
Trantsizio ekosozial ordenatua egiteko ekarpenak egin nahi ditugu
Eskoriatzako Energia Komunitateak – Esnargik – trantsizio ekosozialaren bidean pausuak egiteko proposamen zehatzak garatu eta herritarren esku jarri nahi ditu, beste toki batzuetako esperientziak bildu eta herritarren eskura jarriz. Lanketa egiten hasteko, hiru arlo aukeratu ditugu: mugikortasuna, etxebizitzen birgaitzea eta gertuko energien ekoizpena.
Energia ekoizpenari dagokionez, energia fotovoltaikoan zentratu gara. Naturari kalte gutxien egiteko asmoz, panel fotovoltaikoak teilatuetan jartzen hastea proposatzen dugu: norbanakoen, enpresen eta udalaren teilatuetan izan daiteke. Kasu horietan guztietan, teilatuen jabeak panel fotovoltaikoak beraien kabuz jar dezaten animatzen ditugu. Horretarako, aurrez ditugun esperientziak beraien eskura jarriko ditugu. Lan hori hartu nahi ez dutenei, teilatuak kooperatibaren esku utzditzakete. Azken kasu horretan, kooperatiba sistema martxan jarri eta kudeatzeaz arduratuko litzateke. Eredu malgu horrekin trantsizioari bultzada eman nahi dioten guztien indarrak bildu eta norabide berean jarri nahi ditugu.
Bailaran orokorrean, eta Eskoriatzan bereziki, ekoiztu ahal izango dugun energia mugatua izango dela jakinda, arazoa ikuspegi globalago batetik aztertzen hasiak gara, etxebizitzak orokortasunean kontuan hartuz. Horrela, etxebizitzetan ekoitz daitekeen energiaz gain, zenbat aurreztu eta efizientzia nola hobe daitekeen ere kontuan hartzen hasiak gara.
2024ko irailaz geroztik ildo honetan elkarlanean ari gara Goienerrekin RenPower proiektu europarrean. Proiektu horretan, etxebizitzetan egin daitezkeen hobekuntzen inpaktua, beharrezko inbertsioak eta inbertsioak berreskuratzeko denbora ere aztertuko da. Horretaz gain, inbertsioak ahalik eta eraginkorrenak izateko asmoz, horiek zein ordenatan egin behar diren ikasi nahi dugu (ez dakit hori al zan zentzua…). Hori guztia ikuspegi sozial batetik egin nahi dugu, hau da, etxebizitza atariko bizilagunen interesak eta kezkak kontuan harturik.
Etorkizunean, lehenik, esperientzia horrekin ikasten dugunarekin herri mailako plana sortu nahi genuke. Eta, bigarrenik, hobekuntza horiek guztiak bideragarri izateko, askotariko finantzazioa (diru-laguntzak, finantzazio bigunak, …) lortzea ere bilatzen du proiektuak, herritar orok esperientzia eta baliabide horietatik aprobetxatzeko aukera izan dezan.