
Komunitate energetikoen erronka: eredu ekonomiko-finantzarioa
Azken aldian geroz eta ohikoagoa da tokiko komunitate energetikoen eratzea, orokorrean, kooperatiba edo elkarte izaera hartuz. Dena den, hauen garapenean zenbait traba edo oztopo amankomun aurkitzen ari dira, askotan eredu ekonomiko finantzarioarekin hertsiki lotuak daudenak.
Energia komunitate bat ekonomikoki bideragarria izateko, hainbat aspektu zaindu beharra dago: finantza egitura sendo bat aurkeztea, diruzantza edo likidezia nahikoa izatea ordainketei aurre egiteko eta inbertsio proiektu aproposenak aurrera eramatea, besteak beste. Beraz, edozein komunitate energetikok, bere eredu ekonomikoa planteatzean, aspektu hauek zaindu beharra dauzka.
Inbertsio bat finantziatzeko alternatiba ezberdinak agertzen dira: 1) Baliabide propioz, bazkide direnek ekarpenak eginez, ala 2) kanpo baliabidez, hirgugarren batek utzitako fondoak erabiliz (maileguak edo antzerako tresna finantzarioak, adibidez). Alternatiba hauen artean erabakitzeko baina, goian aipatutako aspektuez gain, beste irizpide batzuk ere kontuan hartzea interesgarria da. Iturri batzuk beste batzuek baino errazagoak dira lortzen edo kostu finantzario bat suposa dezakete. Beste batzuek, aldiz, komunitateko pertsonekiko menpekotasun handia ekar lezakete, inbertsioen eskalabilitatea mugatuz.
Ezagutzen ditudan errealitateak kontuan hartuz, komunitate energetiko gehientsuenak, baliabide propioz, bazkide direnen aurrezkietatik tiraka aurrera eramaten dituzte beren inbertsio proiektuak. Aukera honek abantaila handiak baditu ere, desabantailaren bat ere badu. Esaterako, gaitasun ekonomikoa gutxien dituzten pertsonak, hots, zaurgarrienak, iniziatiba hauetan parte hartzetik kanpo utz ditzaketelako.
Aldiz beste lurralde batzuetan, herrialde katalanak kasu, askoz ohikoagoak dira fondoak lortzeko erabiltzen dituzten tresna finantzarioen espektroa, crowdfundin-a edo inbertsio funtsen partehartzea adibidez. Eta honen atzean arrazoi kulturalak ala merkatukoak, hau da, tresna egokien eskaintza falta, egon litezkeelakoan nago.
Bada Euskal herrian, trantsizio energetiko handiago edo azkarrago baterako ekosistema finantzarioa ere trasnformatu beharko genuke, bai komunitate energetikoak kostu batzuen truke fondo gehiago lortaraztea errazten duten tresnen erabileratik, ala ekosistemako finantz agente ezberdinek hau bideratzen laguntzen duten iturrien eskaintza handitzen dutelako. Honen ezean, gure komunitate energetikoek hartzen duten arriskuak handiegiak izan daitezke edo/eta eskala mugatuan gelditzera behartuak egongo dira.
Ondorioz, beste izaera batzutako erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren agente publiko eta pribatuei laguntza eta babesa eskatzea dagokigu, alde guztien kooperazio bidez guztion onurarako diren proiektu hauen garapena bultzatuko baitelakoan nago.