Erronka handien neurri txikia

Espero bezain azkar erantzun nuen baietz, idatziko nuela zerbait, eta espero baino gehiago kosta zait idaztea. Tokiko komunikabideetan irakurriko nuen zerbait, etxekoek esango zuten beste zerbait, kalean entzungo nuen zeozer Ekiolaz.

Hasieran ez zitzaidan niretzako modukoa iruditu, gazte, eta gurasoek etxetik atera berri, kontu serioegiak iruditzen zitzaizkidan; gurasoak bazkide egin ostean hasi nuen nik bidea. Erraz bete nituen paperak, nahiz eta bete nituen garaiagatik, kosta zitzaidan apur bat aurreko konpainiatik askatzea. Hori bai, gustura erantzun diet duela gutxi deitu didatenean, ez dela diru-kontua bakarrik, ez dela energia berriztagarrien kontua bakarrik; ez dudala itzultzeko asmorik.

Ez naiz aditua energia-gaietan. Susmo batzuk eta intuizio batzuk bai, gai orokorragoei buruzko beste iritzi batzuekin lerratutakoak, baina hortik harago, idatziz uzteko besteko kontu ziurrik ez. Niretik gertuagoko gaiekin lotuta, konbentzimenduz defendatzeko moduko batzuk lotu nitzakeen energiarekin: informazioan eta kulturan, gertukoa beti irudituko zait jendearen neurrikoagoa. Beti irudituko zait hobea denok behar ditugunak askoren eskutan izatea esku gutxitan izatea baino.

Susmo eta intuizio horiek ekarriko ninduten Ekiolara beraz. Energia kontuetan ere, gertukoa beti irudituko zait jendearen neurrikoagoa. Beti irudituko zait hobea denok behar duguna jende askoren esku egotea, oligopolio handiren esku egotea baino. Hobea iruditzen zaidan moduan energia berriztagarriekin aritzea erregai fosilak erabiltzea baino. Eta azkenerako, bai, kontu serioak direlako iruditu zait Ekiola niretzako modukoa.