
Energia sistema jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioa
Hernaniko Udalak argi dauka energia sistema jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioa ezinbestekoa dela gure herriaren etorkizunerako. Energia ez da soilik kontsumo kontu bat; gizartearen ongizatea, klima-aldaketaren aurkako borroka eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen ardatz estrategikoa da. Horregatik, gure energia politika ikuspegi integratzaile batekin ari gara garatzen, tokiko baliabideak aprobetxatuz eta eredu demokratiko eta komunitario bat sustatuz.
Norabide horretan, Hernaniko Udalak Enherkom-ekin (irabazirik gabeko energia berriztagarrien kooperatiba) hitzarmen estrategiko bat sinatu du. Helburua argia da: udal-eraikinetako estalkiak erabiliz eguzki-instalazio fotoboltaikoak martxan jartzea, udalaren autokontsumorako zein herritarren onurarako. Hitzarmen honen bidez, sortzen den energiaren %80 udalak erabiliko du bere beharrak asetzeko, eta gainerako %20a herritarren artean banatuko da Enherkomen bidez. Horrela, energia berriztagarria sortu, partekatu eta guztiontzat eskuragarri jartzen ari gara.
Lanketa tekniko sendoa eginda dago: Goiener kooperatibak egindako azterlan tekniko-ekonomikoa oinarri hartuta hautatu dira udal-estalki egokienak eta proiektuaren bideragarritasuna aztertu da. Txostenak argi erakusten du Hernanik eguzki-energia aprobetxatzeko potentzial handia duela, eta hitzarmen bidezko eredu hau dela eraginkorrena.
Energia komunitateek, hain zuzen, giltzarri izan behar dute trantsizio energetikoan. Tokiko ezagutza, herritarren konpromisoa eta saretze soziala uztartzen dituzte, eta horrek bat egiten du udalaren helburu nagusiekin: jasangarritasuna ardatz duten eredu kolektiboak eraikitzea. Hitzarmenak aukera ematen digu lanak modu eraginkorrean banatzeko: udalak azpiegitura eta baliabide instituzionalak jartzen ditu; Enherkomek, berriz, inbertsio teknikoa eta komunitatearen aktibazioa hartzen ditu bere gain.
Lankidetza hau ez da egungo beharrei erantzuteko soilik; etorkizunera begira egindako apustua da. Trantsizio energetikoak erronka handiak dakartza, baina aukera paregabea ere bada herri justuago eta iraunkorrago baterako bidea egiteko. Eta bide hori, lankidetzan oinarrituta, denon artean egingo dugu.