Energia komunitateetan izaera komunitarioaren garrantzia
EAEko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren lege proposamena adostu duten alderdi politikoek, gure herriaren etorkizuna industriala izango dela diote, hau da, energetikoki intentsiboa.
Efizientzia energetikoa oinarri hartuta, egungo energia kontsumoa murriztea da helburuetako bat. Izan ere, behar izango den energia kopurua hain da handia, trantsizioa eredu intentsiboan definitzera eramaten duela aukera honek. Aukera bat da kontsumitzen den energia guzti hori, lekuan leku, modu berriztagarrian sortzea. Baina horrek ere bere arriskua dauka: landa lurretan jarduera industriala baimendu eta naturaren kontserbazioa bigarren lerroan uztea, alegia.
Modelu hau ez da desazkundean oinarritutako trantsizioa, energia subiranotasuna lortzeko energia iturriak ordezkatzean oinarritzen baita. Desazkundea, gizarte eraldaketa da, desio dugun baina irudikatzen ari ez zaigun etorkizuna: gizarte antolaketa berria, ongizatea kapitalaren pilaketa hutsean neurtzeari utziko diona, gure herriak eskaintzen dizkigun bizi-baldintzetara egokitzearen premia ulertuko duen kultura.
Utopia dirudien gizartea errealitate izatea nahi bada, ezinbestekoa da kontzientziak astintzea, norbanakoen kontsumo ohituretatik hasten baita guztia. Gainontzekoek proposatzen dutena gutxiesteak ez gaitu ahalduntzen, antolatu eta eraikitzean baitago gakoa.
Horregatik izaera komunitarioan oinarritzen diren espazioak indartu eta zaindu behar dira tokian-toki. Bertako komunitateak nolako etorkizuna nahi duten pentsatu eta subjektu aktibo izatera pasa behar dute, hauxe baita norbanako moduan eskaini dezakegun ekarpen baliozkoena.
Hurrengo urte motzetan, kontsumitzen dugun energia modu esanguratsuan murriztea eta erabiltzen duguna berriztagarria izatea da helburua, atzean inor utzi gabe eta lurraldea, biodibertsitatea, elikadura, etb. zaintzen dituena. Beraz, kontsumo ohiturez jabetu, ardura hartu, desio dugun gizartea antolatu eta burujabetzan oinarritutako proposamenak garatu behar ditugu denon artean. Honetarako aukera ematen dute Energia Komunitateek.