Energia-komunitateen dinamika ulertuz
Etengabe klima-aldaketari aurre egiteko eta etorkizun iraunkorra eraikitzeko irtenbideak bilatzen dituen mundu honetan, komunitate energetikoak funtsezko pieza bilakatzen ari dira. Komunitate horiek, energia modu eraginkor eta jasangarriagoan ekoiztu, banatu eta kontsumitzeko tokiko lankidetzan oinarritzen direnak, indarra hartzen ari dira munduko hainbat eskualdetan. Horren adibide garbi bat Debagoiena, non Eskoriatza, Elgeta, Arrasate eta Bergarako herriek komunitatea sortzeko bidea hasi dute.
Energia-komunitatea, energia elkarrekin produzitu, kontsumitu eta, batzuetan, biltegiratzeko laguntzen duten pertsona, enpresa edo erakundeen taldea da. Ikuspegi deszentralizatu eta kolaboratibo horrek iturri berriztagarrien erabilera maximizatzea, karbono-emisioak murriztea eta tokiko komunitateei beren energia kudeatzeko ahalmena ematea ahalbidetzen du.
Arlo honetako ikerketak erakutsi duenez, energia-komunitateek hainbat forma eta eredu har ditzakete, eskualde eta komunitate bakoitzaren berezitasunetara egokituz. Aukera ugari daude: energia berriztagarriko kooperatibak, etxeen arteko energia-trukeko sareak, autokontsumo kolektiboko proiektuak edo energiaren kudeaketa komunitarioko plataformak.
Debagoienaren kasuan, energia-komunitateen hazkunde eta potentziala ukaezina da.
Garapena bultzatzeko funtsezko da herritarren parte-hartzea sustatzea eta energia-eredu jasangarrirako trantsizioak duen garrantziari buruz sentsibilizatzea eta horrekin hasi zen hain zuzen ere Eskoriatzako energia komunitatea.
Ikertzaile gazte eta emakume gisa, Debagoieneko energia-komunitateen munduan murgildu naiz, etengabe aldatzen ari den eremu horren konplexutasun eta dinamikak hobeto ulertzeko.
Komunitate horiei buruz dudan kanpoko ikuspegia izanik, eta sorkuntza-prozesuan dagoen komunitate baten barne-ibilbidean murgilduta, zehazki Eskoriatzakoa, proiektu horiek duten potentzialaz eta etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzen naiz.
Horrez gain, energiarekin lotutako rolak eta erantzukizunak nola banatzen diren eta emakumeek erabakiak hartzeko eta energia-proiektuak ezartzeko duten zeregina zein den ere aztertzea gustatuko litzaidake.