
Autokontsumo fotovoltaikoak bateriak behar ditu
Geroz eta gehiago dira beraien etxe edo negozioetan eguzki energia fotovoltaikoa kontsumitzen ari diren herritarrak, izan autokontsumo indibidualaren bitartez, izan Komunitate Energetikoak sustatzen ari garen autokontsumo partekatuko instalazioen bitartez. Eta iberiar penintsulako sistema elektrikoan ere instalatutako potentzia fotovoltaikoak gorakada nabarmena izan du azken urteetan, 4.439 Mw-etakoa zen 2015an, eta 32.885 Mw-etakoa da momentu honetan, ia 7 aldiz handiagoa.
Energia berriztagarriek mix elektrikoan daukaten ehunekoa gehitzen doan heinean, hauen integrazioa erronka bat da sistema elektrikoaren kudeaketaren ikuspegitik, beraien ekoizpena energia fluxu naturalen (eguzkia, haizea, ura) menpekoa baita. Iberiar penintsularen kasuan, %60koa izan zen energia berriztagarriek 2024-ko mix elektrikoan izan zuten pisua.
Erronka hau bereziki esanguratsua da eguzki energia fotovoltaikoaren kasuan, ekoizpen guztia eguzki orduetan kontzentratzen baita. Grafika honetan ikusi daitekeen moduan, energia kopuru handia sartzen da sistema elektrikoan instalatutako potentzia fotovoltaiko guztiak aldi berean ekoizten duenean, eta, era berean, energia asko ateratzen da sistematik egunaren azken orduan eguzkia indarra galduz doan heinean.

Sorkuntza fotovoltaikoa (zati marroia)
Gainera, eguzki energia fotovoltaikoaren ekoizpen kurba honek ez du bat egiten kontsumo agregatuaren kurbarekin, kontsumo altueneko momentuak goizeko lehen orduak (eguzkia irten aurretik) eta arratsaldeko azken orduak (eguzkia gorde ondoren) izaten baitira. Honen ondorioa da urteko geroz eta egun gehiagotan eguzki energia sobera egoten dela eguneko ordu zentraletan, eta, berriz, faltan goizeko lehengo orduetan eta arratsaldeko azken orduetan. Fenomeno honen beste ondorioetako bat izaten da eguzkia gordetzen denean gasarekin dabiltzan ziklo konbinatuko zentralak gehiago ekoitzi behar izaten dutela, eta, horrek, CO2 isuriak areagotzeaz gain, argindar prezioaren garestitze bat eragiten du.
Egoera hau orekatu ahal izateko egunean zehar ekoizten den eguzki energiaren zati bat eguzkia gorde ondorengo orduetara eraman behar da, eta, horretarako, instalazioa fotovoltaikoei biltegiratzea gehitzea gakoa izango da, bai sare eskalako instalazioetan, eta baita autokontsumo instalazioetan ere. Teknologia ezberdinak daude argindarra biltegiratzeko, eta horien artean bateria elektrokimikoak dira autokontsumo instalazioekin errazen uztartu daitezkeenak. Sare elektrikoa orekatzen laguntzeaz gain, autokontsumo instalazio bati biltegiratze adimendua gehitzeak onura ekonomiko bat dakarkie Komunitate Energetikoko bazkide kontsumitzaileei, ordu merkeenetan (eguzki orduetan) energia biltegiratu eta ordu garestienetan (eguzkirik ez dagoenean) kontsumitzeko aukera ematen baitie, aurrezpena areagotuz.

Are gehiago, eguzki orduetan argindarrak merkatu elektrikoan duen prezioa gero eta baxuagoa den testuinguru batean, biltegiratzerik gabeko instalazio fotovoltaikoen bideragarritasun ekonomikoa gero eta zailagoa izango da.