‘Kooperatiba baten oinarrizko kontzeptu ekonomiko finantzarioak’ prestakuntza saioa
Pasa zen apirilaren 18an, Elgetan elkartu ziren Debagoieneko eta haragoko Energia Komunitateetako taldeetan diharduten hainbat kide Energiaren Puntua ekimenaren baitan sustatutako prestakuntza saioan. Bertan izan ziren Ixotzen (Elgetako EK) Berener (Bergarako EK), Hitzar (Itsasondoko EK), Argiñola (Elorrioko EK) eta Ekiherri (Oreretako EK) Komunitateetako kideak, 23 guztira. Saioaren gidari berriz Beñat Herce izan genuen, Enpresagintza fakultatetik.
Lanketarako gaia Kooperatiba baten oinarrizko kontzeptu ekonomiko finantzarioak izan zuten. Energiaren Puntarekin elkarlanean diharduten EK guztiak kooperatibak dira eta energia proiektuak sustatzen ari dira herrietan. Horrek ikuspegi, ezagutza eta egiteko ekonomiko eta finantzario zehatzak sortzen ditu. Bi ordu iraun zuen saio honetan, arlo horiei buruzko oinarrizko ezagutzak landu zituzten, kooperatiba bat martxan jartzeko oinarrizko kontzeptu ekonomiko-finantzarioak, kooperatiba eratzeko funtsezkoak diren gaietara hurbilpena, gerta litezkeen egoera batzuen aurrean nola jokatu edo kooperatibaren betebeharrak errepasatu adibidez.
Oso balioan jarri behar da energia komunitateak herritarren partehartzean oinarritutako egiturak direla, eta kooperatiba horietan herritarrak, borondatez eta denbora librean, erantzukizunak hartzen eta kudeatzen ari direla. Hori, bere horretan, gizarte balio azpimarragarri bat da: herritarrak dira antolatzen ari direnak egungo erronka handi bati erantzunak eskaintzeko helburuz, horrek ahalduntzea, inplikatzea eta erantzukizun kolektiboak asumitzea esan gura du. Ahalegin hori balioan jarri eta bultzatzea du xede Energiaren Puntuak, martxan diren prozesu herritar hauek indartzeko ekarpena egitea eta bide horretan, EK-en formakuntza beharrei erantzutea besteak beste.