Klima larrialdia eta trantsizio energetikoa hizpide 

Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoieneko diagnostiko energetikoa eta bere inpaktuak ezagutarazi, aukerak mahaigaineratu, eta erronka honen inguruko hausnarketak partekatzeko helburuarekin, erakusketa ibiltaria antolatu du maiatza, ekaina eta uztailean zehar Debagoieneko herrietan zehar. Ekainaren 24tik 28ra Oñatin ikusi ahalko da. 

Erakusketarekin batera, Goienerren eskutik, energia fakturen inguruko azterketa egiteko aukera ere eskaini da. 

Erakusketako gaiak

Klima larrialdiaren faktoreak eta ondorioak aztertzen ditu esposizioak. Faktoreen artean nabarmentzen dira, iturri fosiletan oinarritutako energia ekoizpena, industriaren emisioak, baso-mozketak, garraioa, elikagaien ekoizpena, eraikinen energia kontsumoa

Edota gehiegizko kontsumoa. Eta ondorioak, aski ezagunak direnak: tenperatura igoera, muturrekofenomeno-metereologikoen areagotzea, itsas-mailaren igoera eta uraren berotzea, espezien desagertzea, osasun arazoen larritzea, pobrezia eta migrazio masiboa edota nekazaritza eta abeltzaintzan inpaktua.

Zein da Debagoieneko energia eredua?

Energia eredua da klima aldaketan eragin handienetarikoa duen faktorea. 

Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen dugun energiaren %85 iturri fosiletatik dator, eta iturri horien esplotazioak sortzen du atmosferara isurtzen den CO2 kopuru handiena. Gainera, Debagoienean, energia kontsumitzaile handiak gara, eta %94,8 gure mugetatik kanpo dator.

Eta ez hori bakarrik, Debagoiena CO2 isurpen eta kontsumo maila altuko eskualdea ere bada. Industria eta garraioa dira eskualdean CO2 gehien isurtzen duten sektoreak, guztira %80tik gora. Etxebizitzak dira hirugarrena, %8aren erantzule. Eta era berean, industria da nabarmen energia kontsumo maila handiena dueña, kontsumo osoaren %50 zehazki. Gero datos garraioa (%33), etxebizitza (%9) eta zerbitzuak (%8). 

Herritarrei dagokienez, Debagoienak pertsonako 8,53 tona CO2 isurtzen ditu urtean; EAEko bataz bestekoa 8,4koa daa eta Europar Batasunekoa 7,9koa. 

Deskarbonizazioa helburu

Elektrifikazioa da deskarbonizazioaren helburuetako bat. Debagoienean, gaur gaurkoz, energia kontsumo osoaren %30 da elektrikoa. Kontsumoaren %50 elektrikoa izango duen Debagoiena bat imajinatuz, Elgea bezalako 15 parke eoliko, edo 74 ur-jauzi, edo Ekiola bezalako 905 parke fotovoltaiko beharko genituzke.

Berriztagarriei dagokienez, eskualdean instalatutako energia berriztagarri kopurua txikia da, kontsumo elektriko osoaren %14 baino ez. Berriztagarrien sorkuntza handiena Elgeako parke eolikoak ematen du –eskualdeko kontsumo elektrikoaren %10–. Ur-jauziak eta biomasa dira gainontzeko energia berriztagarria ematen dutenak.

Datu horiekin parez pare jotzen du 2030erako eta 2050erako zehaztu diren helburuekin. Europatik, klima neutraltasuna lortzea ezarri da helburu bezala 2050erako. Hau da, Isurtzen den CO2 kopurua lurrak xurgatu dezakeenaren parekoa izatea. Eta halaber, 2030erako kontsumo energetikoaren murrizketa %36koa izatea ere eskatzen da. EAEk ere zehaztuta ditu 2030erako helburuak. Batetik, berotegi efektuko gasen murrizketa %45ekoa izatea. Eta bestetik, berriztagarriekin soruttako energia %32koa izatea (gaur egun %4,8koa da). 

Zer egin dezakegu?

Zein neurri hartu ditzakete herritarrek, norbanako moduan eta gainontzeko arloetako kide moduan? Hona hemen proposamen batzuk: 

• Norbanako eta eragile bakoitzaren errealitatean eragitea, eta erronkari kolektiboki, eskualde bezala, erantzutea.

• Industrian, energiaren aurrezpena eta prozesuen eraginkortasuna eta elektrifikazioa.

• Jatorri berriztagarriko energia kontratatu edota energia berriztagarria ekoiztea.

• Garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera; baita autoa partekatzea ere.

• Etxebizitzaren isolamendu egokia.

• Basoberritzeak / zuhaitzak landatzea.

• Hondakinak gutxitzea.

• Berrerabilpena.

• Larrialdi klimatikoaren inguruan hitz egitea.

• Ekoizpen industrialeko haragiaren kontsumoa murriztu.

• Bidaien planifikazioa.

Horiekin batera, aipatzekoa da energia-komunitate bateko kide egitea. Energia- komunitate bat herritar, erakunde publiko eta enpresa txikiak elkartuz osatutako

erakunde mota berri bat da, energia kontsumoaren murrizketa eta energia berriztagarrien sustapena helburu dituena. 

Eta asko dira honen onurak edo ekarpenak: Sortutako energia guztia tokiko energia berriztagarria izango da; enpresa multinazionalekiko menpekotasun energetikoa murrizten da; autokontsumituriko energiak aurrezpenak ekarriko ditu energia fakturetan; tokian tokiko beharren araberako erabakiak hartuko dira; pobrezia energetikoa bizi duten familiei laguntzeko tresnak egokiak izan daitezke; Tokiko ekonomia garatzen dute; bertako instalatzaileei aukerak areagotuz; Trantsizio energetikoaren norabidean, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan laguntzen dute.

Debagoienean energia-komunitatea aukera zabala dago: Ixotzen (Elgeta), Berener (Bergara), Leintz Bailarako Ekiola (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) eta Eskoriatzako Energia Berriztagarrien Komunitatea.