Energia berriztagarrien egoera Gipuzkoan

Probintziaren ikuspegi orokorra
Gipuzkoak azken urteotan estrategia argia finkatu du eredu energetiko berri baterantz aurrera egiteko. Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak gidatu du prozesu hau, autokontsumoan, % 100 berriztagarrietan eta herritarren lankidetzan oinarritutako kultura energetikoa eraikitzeko helburuarekin. Horretarako, Energia Eraldaketarako Gipuzkoako Bulegoa (OTC) sortu zuen Jasangarritasun Departamentuak, aholkularitzako eta laguntzako funtsezko baliabide bihurtu dena. Lan horri esker, lurraldeak 67 energia-komunitate ditu gaur egun 60 udalerritan, eta horrek esan nahi du Gipuzkoako udalerrien % 70ek energia-komunitate bat duela. 2027rako ezarritako helburua da Gipuzkoako udalerri guztiek gutxienez bat izatea

Lortutako emaitzak
Lortutako emaitzek estrategiaren eraginkortasuna nabarmentzen dute. Gipuzkoak, gaur egun, 67 energia-komunitate aktibo ditu; horietatik 61 herritarrak dira eta 6 industrialak, eta 10.000 familia hornitzen dituzte. Aurrerapen hori Jasangarritasun Departamentuaren bultzadari eta Energia Eraldaketarako Bulegoaren zereginari esker egin ahal izan da. Zerbitzu publiko, doako eta independentea da, eta herritarrei, enpresa txiki eta ertanei eta tokiko erakundeei lagundu die proiektuak sortzen eta finkatzen. Gipuzkoa erreferentea da energia-komunitateen garapenean.

Identifikatu diren zailtasunak
Prozesuan ere erronka esanguratsuak sortu dira. Izapidetze administratiboak konplexua izaten jarraitzen du, eta atzerapenak sortzen ditu instalazioak martxan jartzeko orduan. Komunitateen kudeaketak beti erabilgarri ez dauden diziplina anitzeko taldeak eskatzen ditu, eta kasu batzuetan proiektuen kontzentrazioa beharrezkoa da eraginkortasun handiagoa lortzeko. Gainera araudian aurrerapenak egin diren arren, oraindik ere oztopo erregulatzaileak daude, ekimen horien jarduteko gaitasuna mugatzen dutenak.

Nabarmendu beharreko esperientziak
Esperientzia garrantzitsuenen artean, auzokideen lankidetza eta parte-hartze aktiboa indartu dituzten herritarren energia-komunitateak sendotzea nabarmentzen da. Era berean, enpresa-izaerako ekimenek erakutsi dute eredua industria-ehunarentzat ere baliagarria dela, jasangarritasunerako eta lehiakortasunerako tresna gisa ikusten hasi baita. Prozesu horretan, Energia Eraldaketarako Bulegoa erreferentziazko eragile gisa finkatu da, mota guztietako kontsultei erantzuna emanez eta autokontsumoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dutenei lagunduz.

Etorkizunerako beharrak
Etorkizuneko erronka nagusia egindako ahaleginari jarraipena ematea da. Beharrezkoa izango da energia-komunitateen kudeaketa sendoa bermatuko duten diziplina anitzeko taldeen prestakuntza eta sorrera indartzea. Lehentasunezkoa da, halaber, administrazio-izapideak sinplifikatzen eta arau-esparrua hobetzen jarraitzea, oztopoak murrizteko. Kasu batzuetan, komenigarria izango da proiektuak kontzentratzea baliabideak optimizatzeko. Horrek guztiak eragile guztien — herritarrak, ETEak, tokiko erakundeak eta
instituzioak — lankidetza aktiboa eskatuko du, Gipuzkoarako eredu energetiko berriztagarri, justu eta hurbilekoa finkatzeko.