Goierriren Energia Bidea

Duela bi urte sortu genuen Hitzar Energia Komunitatea. Hasiera ez zen erraza izan, bi urtez eztabaida eta parte-hartze prozesu goraberatsuan aritu baikinen herritar asko. Baina joan etorri askoren ondoren, azkenean, 2022ko urrian, energia kooperatiba gisa eratu ginen.

Hasierako helburua herriko energia-beharrak asetzea zen, baina laster konturatu ginen proiektua Goierri osora zabaltzeko beharraz. Eskualdeko herri txikiak elkarlanean aritzea eta baliabideak partekatzea ezinbestekoa dela ikusi genuen.

Itsasondoko Iraola proiektua izan zen lehen pausoa, 10kW, eta horri esker, komunitateari eredua erakutsi eta konfiantza sortu genuen. Ondoren, Itsasondo-Ordiziako Lukasain proiektu handiagoarekin jarraitu genuen, 65kW, eskualdeko egitasmo zabalago gisa prestatuz

Bidean, asko ikasi dugu, eta lankidetza funtsezkoa izan da guretzat. Ernamuinan parte hartzeak prozesuan izugarri lagundu digu, eta orain Goierrigintza abian jartzeko, Biziola bidelagun izatea luxu bat da.

Goierriko herriak energia berriztagarrien bidez bateratzeko ekin diogu Goierrigintza proiektuari. Hasieratik izan ditugu erronka “zailak” eta “errazak”, baina hori ere bidearen parte dela ikasi dugu. Gure esperientziari begiratuta, argi geratzen da ekimen honek aberastasuna sortzen duela bai komunitatean, bai ingurumen mailan. Hemen, gure bidean gako izan diren hainbat ikasgai, beste energia-komunitate berriei lagungarri izan dakizkienak:

· Partaidetza eta komunikazioa: Hitzarrek erakutsi digu proiektuen arrakasta herritarren inplikazioan oinarritzen dela. Hasieratik, argi izan behar da zein diren komunitatearen helburuak, eta nola parte har dezaketen kideek. Askotan zailtasunak izan ditugu gure mezua guztiengana iristeko, baina ikasi dugu parte-hartze eta elkarlan saio gehiago behar direla, komunitatearekin lotura estua mantentzeko.

· Instituzio eta eragileekin elkarlana: Zailtasunak izan ditugu zenbait eragilerekin, eta horrek gure prozesua moteldu du batzuetan. Hala ere, garrantzitsua da instituzioek ulertzea energia komunitateak ez direla soilik proiektu teknikoak, parte-hartze soziala eta ingurumen-justizia bilatzen duten ekimenak baizik

· Iraunkortasuna bermatzea: Energia komunitate batek bizirauteko, finantzaketa egonkorrak eta mantentze-plan argiak izatea ezinbestekoa da. Gure azken urratsa izan da kideei urteko kuota bat kobratzen hastea eta proiektu bakoitzerako mantentze-zerbitzuak garatzea, komunitatearen jasangarritasuna bermatzeko.

Hau guztia kontuan hartuta, bidea ez da beti erraza izan, baina energia komunitate batek ingurunean eta pertsonei eragiten dien aldaketa ikusita, ahaleginak merezi du. Gure aholku nagusia: pazientzia izan, elkarlana sustatu eta komunitatearen beharrei egokitu.