Energia komunitateak saretzea, funtsezko erronka
Asko gara, bereziki azken bi urte hauetan, gure herri eta auzoetan Energia Berriztagarrien Komunitate bat sortu eta martxan jartzeko konpromisoa hartu dugun herritarrak. Kasu askotan kooperatibagintza eta energia berriztagarriez askorik jakin gabe ere, baina gero eta hurbilago nabari dugun aldaketa klimatikoaren sintomek, eta bizi dugun krisi anizkoitzaren ondorioek bultzatuta, bestelako krisietan egin izan dugun bezala antolaketa komunitarioari esker, proiektuak sortzeari ekin diogu.
Seguruenik proiektu sorkuntza olatu honetan ikusteko handia izan du energiaren prezioaren aldaketa zurrunbiloak, baita Europatik komunitateak sortzeko jasotako bultzada juridiko eta ekonomikoak. Baina uste dut Euskal Herrian beharrei herrigintza antolatutik eta kooperatibismotik erantzuteko izan dugun ohiturak bidea asko erraztu duela. Bide honetara batu gara, bestela ere gure egunerokoan energia berriztagarriekin edo kooperatibetan lan egiten dugun pertsona asko.
Irudipena dut komunitateen prozesuetan adituen eta administrazio publikoen laguntza jasota ere, badagoela sentipen konpartitu bat, bidea bakarrik egin izanarena, bestelako Energia Berriztagarrien Komunitateekin harreman gutxirekin, bakoitza bere bidea egiten. Eta nola da posible hau gertatu izatea gehienak kooperatibak bagara, eta interkooperazioa gure DNAn txertatua badago? Susmoa dut proiektu komunitarioek eskatzen duten aktibazio eta antolaketa esfortzuaren, eta honek dakarren barrura begira egotearen ondorioa dela.
Bazkide naizen Errenteriako Ekiherri kooperatiba sortzea ia bi urteko prozesua izan da, eta behin sortuta, pixkanaka beste energia komunitateekin harremanak egiten hastea ezinbestekoa izan dela, begirada altxa eta aurrean dugun bidea modu estrategikoan ikusten hasteko, eguneroko beharretatik hasi, dauzkagun arazoak eta beharrak sozializatu, eta konplexutasunari kolektiboan erantzuteko. Horrela, eskualde ezberdinetan sortu garen komunitateek Debagoienekoekin batera harreman-sare interesgarri baten ernamuina sortu dugu.
Harreman-sarea lehenago sortu izan bagenu, buruko min asko aurreztuko genituen, baina bidea egiten ibilian ikasten denez, konturatu gara komunitate bakoitzaren sorrera eta martxan jartzea errazago eta babestuago egiteko beharrezkoa dela komunitateen arteko saretzea. Lehen maila batean sorrera besteen ezagutzak lagunduta egiteko, ondoren bigarren maila batean hurbiltasunak eman dezaken saretzetik hainbat behar materiali erantzuteko; kudeaketa administratiboa, dinamizazioa, herritarrei informazioa ematea, langileak kontratatzea, eta sortu daitezkeenak. Baina gainera badago beste beharrezko saretze maila bat, materialki eta sozialki konplexuagoak diren erronkei erantzuteko beharrezkoa dena; digitalizazio beharrak, finantzazio tresnak, lurralde proiektuak, gaitasun juridikoa eta energia trantsizio justu baten aldeko estrategiak garatzeko beharko duguna.
Beraz, saretzea ezinbestekoa dela ikasi dugu praktikaren bitartez, eta gainera, behetik gorako interkooperazio mailatan egin beharko dugula, egituratze modu zabal, anitz eta eraginkorrak proposatuz. Hasi gaitezen bideak josten!