Energiaren Puntua martxan da
Eraldaketa garai betean gaude. Azken hamarkada edo mendeen inertziatik irten eta bizi eredu iraunkorretara derrigor bidea bilatzea da egun jendarte gisa dugun Erronka. Letra larriz idatzi beharreko hitza, ezbairik gabe. Planetan ezagutzen ditugun bizi eredu oro arriskuan dago. Hurrengo belaunaldien bizigarritasuna bermatu nahi badugu, gaur behar du martxan sakoneko eraldaketak.
Larrialdi klimatikoa eragiten duten faktoreen artean, energia ereduaren trantsizioa da lehen lerroan dugun etxeko lana. Energia kontsumo intentsiboan oinarrituriko jendarte eredua dugu gaurkoa, eta jatorri fosiletatik dator kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena. Hurrengo urte motzetan, kontsumitzen dugun energia modu esanguratsuan murriztea eta erabiliko duguna berriztagarria izatea da helburua, bidean inor atzean utzi gabe eta lurraldeak eta bestelako sistemak (biodibertsitatea, elikadura, …) zainduta.
Erronka global honi erantzuteko, tokian tokitik abiatzea beharrezkoa da, garapen komunitarioaren bidetik bizi eredu berriak eraikiz. Energia trantsizioaren arloan, energia- komunitate lokalek funtzio zentrala bete dezakete bide horretan, herritarrak eta tokiko eragileak batu eta erronka sakon aztertzetik, irtenbide zehatzak bultzatu ditzakete, herritarren ahalduntzea eta aktibazioa erdigunean jarrita.
Izan ere, larrialdi klimatikoaren afera kulturala da funtsean, mundu ikuskera berriak eta bizitzak antolatzeko modalitate iraunkorrak artikulatzetik etorriko da, izatekotan, epe luze baterako bizigarritasun eredu berria.
Debagoienean, hasiak gara su txikiak pizten. Energiaren inguruko eraldaketa bultzatzeko taldeak sortzen ari gara eta horiei sostengua emateko Energiaren Puntua bulegoa ere sortu dugu, D2030 ekimenak bultzatuta. Energiaren Puntua ekimena, herritarrei eta tokitik sortzen ari diren antolamenduei laguntza eskaintzeko sortu da, egitura eta proiektu komunitario sendoak sor daitezen, energiaren trantsizioari behetik gora behar duen bultzada eskainiz. Bide honetan, lankidetza sustatzea, eta komunitate energetikoen arteko saretzea bultzatzea izango da estrategia nagusiak.